XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Salhaketa: Presondegietako politika berritu egin behar da

Salhaketa presoen aldeko elkarteak joan den legegintzaldiaren balorazioa egin zuen atzo prentsaurrekoan.

Cesar Manzanos Bilbao elkarteko ordezkari legalak adierazi zuenez, orain arte espetxeetan erabilitako politika atzerapauso bat da, ez baitira presoen eskubideak errespetatzen.

Salhaketak duela urte batzuk aurreratu zuena gertatu dela gehitu zuen Manzanosek, hau da, kartzelak egin ahala betetzen direla, hutsik gelditzen diren lanpostuak balira bezala azaldu zuen.

Salhaketak ezinbestekoa ikusten du kartzeletako politikan aldaketa sakona egitea, berez eduki beharko lituzkeen funtzioak ez baititu betetzen.

Espainiako Estatua da Europako Batasunean 1.000 pertsonako preso gehien daukan herrialdea, eta horietatik % 70ek berriz jotzen dute delitura kartzelatik atera ondoren.

Gure ustez ministerioen batzeak botere judiziala kontrolatu besterik ez du egiten, eta horrek zuzenbide estatuak bermatu beharko lituzkeen eskubideak xehetu egiten ditu.

Salhaketak bost galdera zuzenduko dizkie Euskal Autonomi Elkarteko alderdiei, beren jarrera ezagutzeko asmoarekin: transferentzien bidez espetxeak, presoak eta beren eskubideak zainduko diren; ea orain arte bezala erregimen itxiko kartzelek jarraituko duten edo beste bide alternatibo batzuk hartuko diren; kartzelako zigorrarekin soilik jarraituko den edo beste herrialde garatu batzuetan egin den bezala zigor alternatiboak bilatuko diren; ea bergizarteratzearen gaia politikoki erabiltzen jarraituko den; eta azkenik, kartzeletan HIESAk jota dauden presoen eta hiltzear dauden eta hiltzen diren presoen aurrean begiak hersten jarraituko den.

Galdera hauei alderdiek emango dizkieten erantzunak ezinbestekoak dira Salhaketaren ustez, are gehiago transferentziak ematear dauden momentu honetan.

Salhaketak betiko bideari jarraituko diola adierazi zuen, bestalde, Celia Olabe elkarteko bozeramaileak, hau da, presoen eta beren senideen aholkatze juridiko eta legalaz arduratuko dira, bergizarteratzearen alde egingo dute eta kartzeletan gertatzen diren hainbat gauza jendaurrean salatzen segitu dute.